OSTEOPATIA
GIZAKIA UNITATE GISA. BIZI INDARRA
Zelulek ehunak sortzen dituzte eta ehunek sistemak. Horiek denek elkar eragiten dute, elkar-trukeak egiten dituzte, eta komunikatu egiten dira, bai beren artean, bai eta euren inguruarekin ere, gorputzaren barne oreka mantentzearren (HOMEOSTASIA, alegia).
Gure gorputzak berezko indar bat dauka, Bizi Indarra, funtzio zelularra eta homeostasia sustatzen dituena. Indar horren bidez, organismoa autoerregulatzeko, autorekatzeko eta berez sendatzeko gai da.
Arnas Mugimendu Primarioaren bitartez agertzen den bizi indar hori ardatz kraneosakroan hasi (Nerbio Sistema Zentral eta likido zefalorrakideoan) eta organismo guztira hedatzen da.
ARNAS MUGIMENDU PRIMARIOA (AMP), KOMUNIKAZIOAREN OINARRIA,
BIZITZAREN OINARRIA
Arnas Mugimendu Primarioa zelulen mugimendu naturala da, bai eta organismoak barne oreka mantentzea ahalbidetzen duen komunikazioaren oinarria ere.
Zelulek, beren egoera naturalean, bibratu egiten dute, zabaldu eta bildu egiten dira, etengabe eta erritmikoki (birikek arnasketan egiten duten bezala –arnasa hartu eta bota, hartu eta bota–), modu horretara sortzen delarik komunikazioa, zelulen beren artekoa eta inguruarekikoa. Bizitzaren mugimendua da, orekan eta armonian dagoenean.
Osteopatak, bere eskuen bitartez, bibrazio hauek, mugimendu mehe hauek, sentitu eta, horren arabera, disfuntzio eta gaixotasunak diagnostikatu eta tratatzen ditu.
Desoreka fisiko bat gertatzen denean (traumatismoa, zirugia, orbainak…), metabolikoa (gabeziak, gehiegiak, intoxikazioak…) edo desoreka emozionala dagoenean (estresa, beldurra, larrimina…), zelula uzkurtu egiten da, Arnas Mugimendu Primarioa egiteari uzten dio eta ez du gorputzaren beste osagaiekin batera, armonian, bibratzen; eta, horrenbestez, gutxitu egiten dira organismoarekiko trukeak, bai eta komunikazioa bera ere.
Uzkurdura horrek, zelulan gertatzen den energia erretentzio horrek, dentsitate- eta tentsio-handitzea ekartzen du, organismoaren mekanika sakona aldatzen du, zona horretako funtzioak arriskuan jartzen ditu, eta gorputzeko likidoak mantsotzea eta erretenitzea (estasia) dakar, bai eta substantzia toxikoen pilatzea ere.
Organismoa, gorputzaren barne oreka mantentzen segitzearren, uzkurdura-erretentzio horiekiko adaptazioak sortuz eta sortuz doa, baina adaptaziook ugaritzen doazen neurrian, organismo hori zurrunago bihurtzen doa, adaptazio-gaitasuna galduz doa, eta halako batean ez du, jada, oreka mantentzea lortzen, ezin du bere onera itzuli: armonia apurtu eta ondoeza eta gaixotasuna agertzen dira.
Zelula, ehun eta sistema guztiak elkar harremanean daudenez, gerta daiteke zona bateko erretentzioak eragindako ondoez edo gaixotasuna urruti dagoen beste zona batean agertzea, bai sistema berean (adibidez: orkatila-bihurritze batek oinazea eragin dezake lunbarretan), bai beste sistema batean (adibidez: gibeleko disfuntzio batek oinazea sor dezake zerbikaletan).
Osteopatak, bere ezagutza anatomiko eta fisiologikoen bidez, gorputza eta bere ehunak entzuten ditu. Mugimendu meheak hautematen ditu, zelulan energia non erretenitzen den sentitzen du, eta erretentzio horiek askatzen laguntzen du, organismoa bera, horrela, erregulatu dadin, berriro orekatu eta sendatu dadin. Hau da, osteopatak lagundu egiten dio organismoari lokal eta globalki armonizatzen.
“Kendu traba guztiak, eta, hori egindakoan, naturak gainerakoa egingo du, lasai-
lasai, argitasunez” (A.T. Still)
